#MyGameMyName
Emakumearen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, azaroaren 25ean, Movistarrek online ekitaldi hau antolatu du, gazteak oro har eta gamingzaleak bereziki kontzientziatzeko asmoz, ikus dezaten zein garrantzizkoa den errespetua izatea eta emakumezko jokalari baten aurrean
emakume izate hutsagatik izan ditzaketen aurreiritziak desagerraraztea.
Kanpainak amaiera eman nahi die plataforma sozialen bitartez egiten diren emakumeen aurkako hitzezko erasoei, bai bideojokoetan bai horien alderdi profesionalean (eSport). Halaber, kirolaren berdintasun-balioak eta teknologiaren
erabilera arduratsua transmititu nahi ditu.
FemDevs
FemDevs irabazi-asmorik gabeko elkartea da, bideojokoen garapenaren kulturan emakumeen interesa, parte-hartzea eta presentzia sustatzeko eginkizuna duena.
Honako helburu hauek ditu:
- Genero-berdintasuna sustatzea: bideojokoen industrian aritzen diren emakumeentzat aukera-berdintasuna lortzea.
- Emakumezko garatzaileen lana ikusgai egitea: emakumeek sortutako bideojokoak ezagutzera ematea eta haien eginkizuna ikusgai egitea.
- Lankidetzan jardutea eta baliabideak eskaintzea: lankidetza eta parte-hartzea sustatzea.
Feminist Frequency
Anita Sarkeesian kultura-kritikari estatubatuarrak 2009an sortutako plataforma, herri-kulturan, bereziki bideojokoetan, emakumeen errepresentazioa aztertzea helburu duena. Baliabide horri egin zion ekarpen handia Tropes vs.
Women in Video Games saila izan zen. YouTuben eskuragarri dagoen sail horrek industria horretan dauden topiko, klixe eta estereotipoetako asko erakusten zituen, emakumezko pertsonaia pasibo eta hipersexualizatuen bitartez.
Irabazi-asmorik gabeko erakunde horren lan handiak ikuspegi-aldaketa ekarri zuen joko askotan, batez ere joko independenteetan, horien sortzaileek begiak ireki baitzituzten industriaren hasieratik sustraituta zegoen problematika baten aurrean. Horri esker, garapen-talde askok erakundearen aholkularitza-zerbitzuak kontratatzea erabaki zuten, emakumezko eta LGTB pertsonaien rola hobetzeko. Horrek guztiak berekin ekarri zuen, halaber, enpresak eta bere fundatzaileak eraso eta mehatxu ugari jasotzea.
2024tik aurrera jarduera eten bada ere, edukiak bere webgunean eta sare sozialetan partekatzen jarraitzen du.
Girls Make Games
Girls Make Games kanpamentuak eta lantegiak egiten dituen erakunde bat da, neskek bideojokoak diseinatzen eta programatzen ikas dezaten.
Honako jomuga nagusi hauek ditu:
- Jokoen diseinuan heztea eta trebatzea: neskei bideojokoak diseinatzen, programatzen eta sortzen ikasteko aukera emango dieten lantegiak eta kanpamentuak eskaintzen ditu.
- Sormena eta trebetasun teknikoak sustatzea: neskak animatzen ditu laguntza-giroan beren sormena esploratzera eta trebetasun teknikoak garatzera.
- Inspirazioa eta ahalduntzea: neskak inspiratzea eta ahalduntzea bilatzen du, bideojokoen garapenari eta teknologiari buruzko karrerak kontuan har ditzaten.
Nerfeadas
“Nerfeadas” bideojokoetan espezializatutako Marina Amores “Blissy” kazetari eta aktibista espainiar ezagunak sortutako dokumental-saila da. YouTuben eskuragarri dagoen sail horrek bideojokoen industrian eta komunitatean dagoen matxismoa erakustea eta horri buruz eztabaidatzea hartzen du ardatz,
bereziki emakumeen esperientziari dagokionez. Garatzaileekin, jokalari profesionalekin, streamerrekin eta sektoreko beste profesional batzuekin egindako elkarrizketen bitartez, “Nerfeadas” sailak argi erakusten du zer-nolako eragina duten genero-aurreiritziek eta matxismoak emakumeen parte-hartzean eta errepresentazioan esparru horretan.
Jorratutako gaien artean daude jokoetan dagoen genero-errepresentazioa, emakumeek industrian dituzten esperientziak, gamer komunitatean duten harrera, eta aurre egin behar dieten oztopoak eta karrera-aukerak. Bideojokoen
munduan emakumeek aurre egin behar dieten desafio espezifikoak ulertzeko baliabide baliotsua da saila, eta jokoaren kulturan berdintasun eta inklusio handiagoranzko aldaketa egiteko premia nabarmentzen du. “Nerfeadas” You-
Tuben eskuragarri dagoenez errazago irits daiteke jende askorengana, eta horrek erraztu egiten du gai garrantzitsu horiei buruzko sentsibilizazioa eta eztabaida sustatzea.
PlayEquall
Bideojokoen Espainiako Elkarteak (AEVI) sortutako ekimena. Erakunde horrek bideojokoaren balio-katean inplikatutako eragile guztiak ordezkatzen ditu: garatzaileak, banatzaileak, argitaratzaileak, merkaturatzaileak, unibertsitateak, zentro akademikoak eta eSport-eko liga eta talde nagusiak.
The Good Gamer proiektuaren bitartez, bideojokoen sektorean berdintasunaren, aniztasunaren eta inklusioaren balioak sustatzeko premiatik sortzen da PlayEquall ekimena.
PowerUp+
FemPowerUp programak —Espainian genero-ikuspegia aintzat hartzen duen doako lehen bideojoko-inkubagailua— izandako arrakastaren ondoren garatu zen ekimen aurreratua da PowerUp+. Kolektibo marjinatuetako pertsonak, hala nola emakumeak, trans pertsonak, ez-binarioak eta LGBTQIA+ kolektiboko kideak bideojokoen lanbide-esparruan lanean hobeto txertatzera bideratuta dago proiektua.
Programaren ezaugarri nagusia da oso-osorik genero marjinalizatuetako pertsonek edo LGBTQIA+ kolektibokoek osatuta egotea, bai mentoretza-roletan bai mentorizatuen roletan. Giro segurua eta Espainiako profesional nabarmenek
emandako etengabeko prestakuntza eskaintzen ditu. Helburua da taldeei konfiantza eta segurtasuna ematea, ideiak garatu eta ideiok kalitatezko produktuetan gauzatu ditzaten, argitaratzaileei aurkezteko edo norberak argitaratzeko
modukoak, edo are, programa amaitzean, lana bilatzeko paper-zorro gisa erabiltzeko modukoak ere.
Todas Gamers
Bideojokoen kritikak, artikuluak eta erreportajeak genero-ikuspegia aintzat hartuta egiten dituen webgunea. Plantilla askotariko profiletako emakumeek osatzen dute oso-osorik, sektoreari ikuspegi zabala emateko. 2016az geroztik,
Todas Gamers baliabide hori aztertzeaz arduratzen da, ohiko proposamenetatik ihes egin nahi duten emakumeei orientazio berezia emateko. Halaber, hilean behingo podcast bat, Twicheko kanal bat eta Patreon plataforma ere baditu.
Women in Games
Women in Games bideojokoen munduan genero-aniztasuna sustatzen lan egiten duen nazioarteko erakundea da.
Bere helburu nagusien artean honako hauek daude:
- Aniztasuna eta inklusioa sustatzea: emakumeen errepresentazioa eta parte-hartzea sektorearen maila guztietan handitzea hartzen du ardatz.
- Lanbide-garapena: hezkuntza-programak eta garapen-aukerak eskaintzen ditu, bideojokoen esparruko hainbat arlotan emakumeen karrerei sostengua emateko.
- Lankidetza eta ekitaldiak: ekitaldiak, konferentziak eta lantegiak egiten ditu, arlo horretako emakumezko profesionalen arteko lankidetza eta networkinga sustatzeko.