Celeste‑n Madeline da protagonista, bere zeharkaldi pertsonala eskalada fisikoaz haratago eramaten duen eta identitatearen eta barne‑borrokaren inguruko gai sakonei heltzen dien emakumezko pertsonaia. Jokoak protagonistaren generoa esplizituki adierazten ez badu ere, emakumea izateaz haratago, fan askok interpretatu dute Madeline transgeneroa dela, neurri batean Maddy Thorson sortzaileak genero‑identitatearekin izandako esperientziari buruz egindako gogoeten ondorioz, eta horrek geruza esanguratsua gehitzen dio narratibari. Hala, Celeste plataforma‑joko desafiatzailea da, baina, gainera, jokalariak beren barneko zein kanpoko desafioei aurre egitera eta gainditzera gonbidatzen dituen oihartzun handiko istorioa jasotzen duen obra.
Jokalariak oztopoz eta tranpaz betetako zenbait maila zail saihesten lagundu behar dio Madeline‑ri, bere bide emozionala aurkituz doan bitartean. Maila bakoitza doitasunezko erronka da, eta bertan mugimendu kalkulatuak, jauziak eta dash‑ak (aireko bulkadak) egin behar dira aurrera egiteko. Jokoaren mekanika nagusia saiakuntza eta errorean oinarritzen da; hutsegiteak ohikoak dira, baina maila bakoitza gainditzeko behar den ikaskuntzaren parte dira.
Celeste‑k erresilientziaren eta jarraikitasunaren inguruko balioak sustatzen ditu, eta porrot egin arren aurrera jarraitzera animatzen ditu jokalariak. Jostagarritasun desafiatzailearen bitartez erakusten du erroreak ikasteko prozesuaren parte direla, eta erabakitasunez jokatuz gero oztopoak gainditu daitezkeela, bai jokoan bai bizitzan. Gainera, jokoak norbere onarpena sustatzen du. Izan ere, protagonista, Madeline, bere beldurrei aurre egiten eta dituen ahuleziak bere identitatearen parte gisa onartzen ikasten ari dela erakusten du.
Jokoak osasun mentalaren eta enpatiaren garrantzia ere nabarmentzen du, eta sentikortasunez heltzen die antsietatea eta depresioa bezalako gaiei. Jokalariak Madeline‑ren hazkunde emozionalaren lekuko dira. Prozesu horretan, bere buruarekin eta besteekin ulerkorrago izaten ikasten du, eta norbere mugak gainditzearen eta elkarren arteko laguntzaren inguruko mezua igortzen du. Balio horiek, narratiban eta jostagarritasunean integratuta, Celeste esperientzia boteretsu eta esanguratsua bihurtzen dute.